ENEKO BIDEGAIN: “Euskaldunon zatiketa sozial eta kulturala berria da, ez ditu ehun urte”

‘Lurraldea eta Herria’ liburua plazaratu du kazetari eta idazlebaionarrak, euskal identitate bateratua aldarrikatu eta banaketaadministratiboa gainditzeko gakoak bilatzeko asmoz

HERRI edo nazio baten identitate kolektiboa lurraldean oinarritzen da, baina, Euskal Herriaren kasuan, eremu hori zatitua dago aspalditik. Pamielaren eskutik argitaratutako Lurraldea eta Herria liburuan gai horri heldu dio Eneko Bidegainek, banaketa administratiboak euskaldunen kulturan, hizkuntzan eta kontzientzian duen eragina agerian utziz. Euskal nortasuna gordetzeko, ezinbestekotzat du muga administratiboez haragoko elkar ezagutza, zazpi lurraldeetako herritarren artean.

Saiakera honek hiru zati nagusi ditu: Atzo, Gaur eta Bihar. Hala, historiari errepaso zabala egin dio Bidegainek, gaur egungo egoerari kezkaz begiratu dio ondoren, eta, azkenik, itxaropenerako bidea ematen duen proposamen multzoa plazaratu du.

Ez da Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko arrakala edo euskal identitatea galtzearen arazoa aztertzen dituzun lehenengo aldia. Nondik datorkizu gai honen inguruko interesa? Herriaren batasunaren kontzientzia txikitatik dut, hazi naizen giroagatik, Iparraldeko familia batean baina Hegoaldearekin harreman handia zuena. Ikastolan ere, errefuxiatuen seme-alabak gure ikaskideak ziren.

Gero, nire ibilbide profesionalak harreman hori sakondu eta garatzera eraman nau, Euskaldunon Egunkaria-n eta Mondragon Unibertsitatean. Bi aldeetan aritzen naiz, Lapurdin eta Gipuzkoan nire kasuan, eta eguneroko bizitzan mila oztopo dauzkagu: bankuan kontu bat zabaltzeko, zergak ordaintzeko… Edozein gauzatarako nortasun agiriaren zenbakia eskatzen da, baina Frantziako zenbakia luzeagoa da Espainiakoa baino eta errorea ematen du. Pena handia ematen dit arazo horiek maiz sortzen direlako teorian Euskal Herriaren proiektuarekin bat egiten duten egitura edo enpresetan.

Liburu batean bildu dituzu traba horiek. Bai, kezka horrek bultzatuta, ikusi nuen liburu baterako gaia bazegoela. Egia esan, entziklopedia bat egiteko ere ematen du, arazo guztiak aipatzen hasiz gero, baina errepikakorregia izango litzateke. Adibide batzuk aipatzea ongi iruditu zait, eta gero azterketa politikoago batean ere sartu naiz. Hausnarketa bat egin dut: Zergatik iritsi garen egoera honetara eta konponbideak zein izan daitezkeen.

Euskal Herriaren batasunaren kontzientzian atzerakada nabaritu duzu gizartean azken urteotan?

Gaur egungoa ikusita, hori da nik egiten dudan irakurketa. Bereziki azken hogei urteetan, atzerakada bat egon da, lehen Zazpiak Bat leloa zegoen proiektu politikoaren erdigunean. Orain, errealitate administratiboek indarra hartu dute, zatiketa harrian zizelkatu dute. Ez da harritzekoa sinboloen eta hitzen inguruan dagoen eztabaida: Zer da gaur egun Euskadi, País Vasco, Basque Country… orain batzuentzat Euskadi da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, edo Ipar Euskal Herrian askotan erabiltzen da Euskal Herria Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarako: Euskal Herriko Laborantza Ganbara, adibidez. Horiek erabat barneratu ditugu, atzera egin du Euskal Herriaren maparen ezagutzak.

Gure herriaren osotasuna baztertzeko joera horretan badago konplexu edo lotsen arrastorik?

Konplexuak eta lotsak izango dira, bai, abertzaletasunaren irmotasun horretan zalantza sortu izana ere bai. Baina badago beste arrazoi bat: Euskal Herria euskaraz aipatuta badakigu zazpi probintziez ari garela, hala izan da mendeetan. Zalantza erdaretan sortzen da, Pays Basque edo País Vasco ofizialki beste eremu bat dira eta Pays Basque/País Vasco euskarara itzuli nahi izan denean, hor nahastea sortu da. Euskal Herria hitza euskaraz esan nahi ez izatearen arrazoietako bat izan daiteke espainolez edo frantsesez itzulpenak duen errepresentazioa.

Gaur egun nagusi den joeraren kontra, euskal nortasunaren oinarrian historia jarri duzu, Nafarroako Erresuma bereziki.

Euskal Herri batua existitu zen eta zatitu zen etapaz etapa egindako kolonizazio eta konkista baten ondorioz. 1200ean izan zen lehenengo zatiketa handia eta 1512an bigarrena. Hori da zatiketa politikoaren erroa. Baina zatiketa sozial eta kulturala askoz berriagoa da, ez ditu ehun urte. Adibidez, Luzaideko herritarrak beti egon dira Garazira begira. Errepideak hobetu eta Iruñerako bidea erraztu direnean, Luzaideko eta Aezkoakoak hara begira jarri dira. Berriki arte, espainola eta frantsesa nagusitzen hasi ziren arte, harremanak oso naturalak ziren.

Euskal identitatearen auzian gerrek izan duten eragina ere aztertu izan duzu zuk.

Lehen Mundu Gerra izan zen prozesu baten erpina, hogei urte inguru lehenago Frantzia hasia zen kontzientzia nazionala sortzeko lanean. Konturatu ziren jendea ez zela frantses sentitzen eta frantsesik ere ez zekitela askok.

Gerran 5.000 euskaldun hil ziren eta beste 20.000 aritu ziren Frantziaren alde, han sentitu ziren frantses, bizia eman baitzuten haren alde. Gerrak eragin traumatikoa izan zuen, noski, baina Frantzia eraikitzeko tresna eraginkorra ere izan zen.

Lurralde eta kontzientzia batasuna berreskuratzearen alde egiten duzu zuk. Bide horretan euskarak zer leku izan behar luke?

Ezinbestekoa da, euskarak egiten gaitu euskaldun. Hizkuntza eta kulturari dagokionez ingurukoak bezalakoak bagara, zer arrazoi gelditzen zaigu beste herri bat garela esateko? Hizkuntzak batzen gaitu. Ni euskalduna naizelako sentitzen naiz etxean Gipuzkoan;ez banintz euskalduna izango, Gipuzkoan sentituko nintzateke Alemanian egongo banintz bezala, atzerrian. Euskal Herri batuak euskara batua behar du, beraz.

Behar dugu gure artean erraz komunikatzeko, baina, batez ere, euskarari hizkuntza nazionalaren izaera ematen dio batuak. Bestela, hizkuntza etno-kulturala baino ez litzateke izango, hau da, eskualde mailako estatusa izango luke.

Honenbestez, euskararen kontrako erasoek euskal nazioaren batasunari ere eragiten diote?

Lotsagarria da minorizatuta dagoen hizkuntza baten kontra eraso egitea. Adibidez, Nafarroan euskararen inposizioa salatzen duten alderdiena zinismo hutsa da, euskara Nafarroan mendeetan izan baita jazarria.

Zuk barru-barrutik ezagutzen duzu bertsolaritza eta liburuan eredugarritzat jotzen duzu Bertsozale Elkartearen lana, zergatik?

Politikariak instituzioen arabera mugitzen dira, alegia, hiru errealitate administratibo, hiru borondate horiek nahi gabe onartzeko joera dugu. Baina askotan errealitate administratiboa ez dator bat gizartearen eta hizkuntzaren errealitateekin: Bizkaiko eta Lapurdiko herri batzuk elkarrengandik hurbilago egon litezke arlo batzuetan, edo Nafarroa Behereko eta Garaiko herrixka batzuek antzeko beharrak dituzte. Horregatik, herrigintzan, Bertsozale Elkartea eredugarria da, agenda politiko-instituzionalaren gainetik funtzionatzen baitu. Ikusten da zer nolako harreman estuak sortzen diren Euskal Herri osoko bertsolarien, antolatzaileen, zaleen… artean. Azken batean, herri bat pertsonek egiten dute eta haiek elkarrekin gurutzatzeak herri hori sendotzen du.

Zatiketa gainditzeko proposamen ugari egin dituzu liburuan, batzuk egingarriak eta beste batzuk ez hainbeste. Utopiara jo duzu?

Liburuak badu alde idealista bat, nik badakit idatzitako gauza batzuk lortzea, epe motzean behintzat, oso zaila dela. Baina iruditzen zait merezi duela planteatzea, ideia batzuk emateko edo beste jende batzuk inspiratu daitezen. Herri gisa funtzionatu eta aurrera begiratu nahi badugu, ez ditugu ikusi behar dauden oztopoak, lehenik ikusi behar dugu zer behar dugun eta hara heldu bitartean zer egin genezakeen, pixkanaka helburura heltzeko. Zerumugan egoera ideal bat j arri dut. Muturreko pragmatismo batez jokatzea arriskutsua izan daiteke, pausuak txikiegiak izan baitaitezke.

Oztopoak oztopo, baikor izatea da bidea?

Nire testuak irakurtzean askok esaten dute Eneko beti da negatiboa. Baina uste dut egoeraren irakurketa ezkorra egiten dutenak direla konforme ez daudenak eta aldaketa nahi dutenak. Baina orainaldiari begira ezkor izateak ez du esan nahi etorkizunera begira ere ezkorra naizenik. Alderantziz, esaten dudanean ez goazela bide onetik, esaten ari naiz ere badugula gaitasuna bide hobe batetik joateko. Herri honek badu gaitasuna aurrera ateratzeko.

DEIA

PARA LA FOTO http://www.deia.eus/2018/05/29/ortzadar/reuskaldunon-zatiketa-sozial-eta-kulturala-berria-da-ez-ditu-ehun-urter