Biarnoren subiranotasuna, galestarren eta eskoziarren ispiluan

Durangoko Azokak hainbat gauzatarako parada ederra eman dezake: liburu berrienei ez ezik, joan diren urteetakoei ere begiratu bat ematea, adibidez, eta, aukeran, saltzailearentzat eta beharbada irakurlearentzat agian (ekialdeko hainbat euskalkiren esanahiaz…), liburu on bat erosi eta irakurtzekoa. Bada, Alvaro Adoten Juan de Albret y Catalina de Foix… liburuak jarri dit hizpidea eta egokiera buruan egosten zebilzkidan ideia batzuk paper digitalera ekartzeko.

 

Biarno subirano, nekez

Biarnoren Behe Erdi Aroko goraldiaz, gorabeherez eta subiranotasun gogoaz azalpen argigarria ematen du: Frantziako Koroa Ingalaterran oinarritutako Plantagenet leinuarekin mokoka eta ahul zebilela Gaston III.ak, Biarnoko bizkondeak, erronka bota zion 1373an Pariseko erregeari haren mandatariaren bitartez: Jainkoaz ez beste inoren menpeko ez zela; subirano totala, beraz: printzea. Bizkondea Pirinioetara begira jarri zen, asmotzat hartuta horietan batasun politiko bat sortzea. Hil baino urtebete aurretik, baina, atzera egin zuen, Frantziako erregea oinordeko bihurtuz (sic).

Ordurako, baina, bertako herria esnatua zen (herria edo, alegia, herriaren alde aberatsena edo lurraldeko eliteak), eta herriaren ordezkaritza erakundeak eskatu zituen. Bada, ordezkariak Orthezen bildu ziren Estatu Orokorrak eratzeko, 1391n bertan. Nolanahi ere, Gastonen eta bere oinordekoen politika herrena izan zen: ez zuten diru nahikorik (armada pagatzeko), eta Frantziako Koroak beti akuilatu zituen agintari biarnesak eta aldameneko lurraldeetakoak elkarren kontra. Biarnesak oreka zail batean mugitu ziren, Parisekoen ahuldadea albait gehien etxekoen alde baliatuz eta, behar zenean, haiei eta, Pirinioez hegoaldera, Trastamara leinu harrapariari, faboreak eginez.

 

Galesak eta eskoziarrak: bi eredu desberdin

Errege dinastia handien goraldia markatzen duen garai honetan gertatu zen Galesen konkista (1283an amaituta), baita Eskoziako Independentzia Gerrak deitu direnak ere, biak ere Eduardo I.a Ingalaterrako errege pragmatiko-ankerrak zuzenduta. Eskoziar eta gales gizartea desberdin antolatuta zeuden, eta horrek markatu zuen iraupen politiko eta porrot militarraren arteko aldea

Galesak, vae victis!

Llywelyn ap Gruffudd gales buruzagiak zuzendutako galesak menditarrak ziren, abeltzain, artisauak, nekazariak, 1085. urte aurreko euskal egoera ekartzen digu gogora (1085, frankoen Nafarroako kolonizazio hasieraren urtea). Ia denak galesak ziren, esan nahi baita gales naziokoak, hiztunak. Hori bai, batasunik gabe, llywelyndarren leinuaren pean tarteka ez bada. Ingelesak eta normandiar jatorriko mugaldeko jaunak galesei zirika hasi zitzaizkienean, gales buruzagiek adore handiz aurre egin zieten zeukatenarekin, haiei eta Eduardo I.aren osteei.

Nondik eskuratu, baina, Ingalaterrako errege aberats, armatu, zibilizatuari aurre egiteko diru funtsak? Atera kontuak: Llywelyn printzeak zerga bidez 17 pound (stirling libera) biltzen zituen menpekoen artean urteko; Eduardo I.a ahaltsuak, berriz (Galesera konkistarako Gaskoiniako arkulariak ere aldean zeramatzala), 10.000 pound biltzen zituen urteko. 17,00 £ vs 10.000 £. Zaila Londreseko erraldoiari luzaro eustea.

Eskoziarrek burua galdu gabe

Besterik zen Eskoziako egoera. XII. mende erdialdera, David errege albatarra (esan nahi baita, eskoziar-irlandesa) bahituta eduki zuten Londresen haurtzaro osoa, eta hango manera eta moldeetan hazi zuten (nutritus baten gisa, euskal Antso Lupo haren antzeko…). Eskoziara errege itzuli zenean, dagoeneko anglosaxoi jitekoa zen. Harekin batera ekarri zituen normandiarrak, frantsesak, frandriarrak eta, batez ere, ingelesak; tartean zen De Brus familia normandiarra (gerora, famatua, Robert the Brucengatik). Nazioarteko europar kulturaz zipriztinduta zetozen, hiritarrak ziren, merkatariak; hiribilduak sortu zituzten, eta hiri sareak.

Akabo zen, orduan, albatarren indarra: ekialdeko Iona eta San Kolunba itsastarra eta haren nagusitasuna. Erdigune sinbolikoa Saint Andrewsera lekualdatu zen, 1160a katedrala dotorea eraiki zuten Eskozia ekialde lau eta anglosaxoian (scotch), eskoziar errege berrien atseginerako. Joan ziren eskoziar izenak (Donald, Malcolm, Duncan), eta etorri ziren izen biblikoak eta frantsesak (William, Alexander, David, besteak beste).

 

Patua?

Eskoziar elite horiek aberastu eta ahaldundu ziren, eta Londresen ezpataren kontrako erresistentzia militarraren zati handi bat zuzendu (eta kapitalizatu) zuten; Elizjendearen Adierazpena (1309) eta Arbroatheko Aldarrikapena (1320) umotu zituzten, monasterioetako gelak eta liburutegiak baliatuz eta nazioarteko diplomazian jokatuz (Erroma). Eta Eduardo I.ak ezin izan zituen eskoziarrak azpiratu (eta haien kontra borrokara zihoala hil zen 1307an);

Bestelakoa izan zen Llywelyn eta haren anaiaren patua: haien buruak Londreseko Dorreko pika banaren puntan ustelarazi zituzten (1282-1283).

Biarnoren subiranotzak XV. mende amaieran aurkitu zuen azkenean bilatzen zuen Pirinioetako euskarria, nola edo hala Nafarroarekin uztartuz. Katalina Foixkoak eta Joan Labritekoak ez zuten zorionez Llywelynek bezala bukatu (ezin berdina esan Petri II.a Nafarroako mariskalaz) baina penaz hil ziren biak erreskadan, Gaztelako Trastamara armatuen, zibilizatuen uztarpean. Biarnok 1620 arte iraun zuen subirano, tirriki-tarraka, Nafarroarekin batera.