Aske eta errudun

1610eko azaroaren hasiera, Logroñon. Plazaren erdian, zortzi emakume eta hiru gizon egur pila baten gainean, zutik, lotuta, 20.000 pertsonen begiradapean, sua noiz piztuko zain, akaso hasi eta akabatzeko gogoz, akaso ihes egitearen esperantzari lotuta, akaso izututa, edo nekatuta, hetsita. Hamaika zigortuen artean, sei dira bizirik daudenak, gainontzeko bortzak panpinak dira, espetxeko zuloan hil direnen irudiak. Maria Baztan, suaren garra azalean sentituko duenetako bat izango da. Gainontzekoak bezala, Zugarramurdikoa da Maria, eta gainontzekoek bezala Inkisizioaren delirio bortitzaren biktimetako bat izateko zoritxarra izan du. Zoritik gutxi duen zoritxarra, alta.

Maria, Ofizio Santuak sorginkeria egotzita Logroñoko prozesua deritzonean zigortu zituen emakumeetako bat izan zen. Bere kasuaren atzean, emakume andanaren bizipenak isla-tzen dira, izan ere, kasualitatetik gutxi izan zuen sutara edo betirako gartzelara bidali zituztenen aukeraketak. Inkisizioaren hatz zorrotzak zuzenean seinalatu zituzten emakume guzti hauek, arrazoi argi batengatik: mehatxu bat zirelako.

Mehatxu bat, inposatu nahi zen fede kristauarentzat, baita patriarkatuaren boterearentzat ere. Amaia Nausia historialari iruindarrak gai honen inguruan egindako ikerketetan aditzera eman izan duen bezala, emakume hauetako gehienak emaginak edo sendagileak ziren, naturaren inguruko jakintza sakona zutenak. Medikuntzaren ikuspegitik, emagin eta sendagile hauek superstizio eta sineskeriak zientziarekin nahasten zuten, eta hori arriskutsua zen. Inkisizioak atxilotu, epaitu eta zigortu zituen emakumeetako aunitz alargunak ziren, gainera. Zer erran nahi zuen horrek? Bakarrik bizi ziren emakumeak zirela, gizonezko baten menpekotasunetik urrun, erabakiak hartzeko tartea zutenak. Beste arrisku nabarmen bat zekarten, gainera: gizonentzat tentagarriak ziren. Pekatua.

Ondorioa argia da: askeak zirelako zigortu zituzten emakume hauek, sistematikoki. Askatasunak errudun bilakatu zituen.

Nahikoa aldatu ote dira garaiak?

Egilea ‘Maria Zugarramurdikoa’ komikiaren gidoilaria da