Aldarrika ditzagun gure memoria lekuak

Pasa den larunbatean Oñatin Nabarraldek antolatutako “Memoria lekuak” jardunaldietan parte hartzera gonbidatu ninduten. Bertan hainbat historialari elkartu ginen gure memoria kolektiboa osatzen duten mugarriak aldarrikatzeko asmoarekin; Zugarramurdi, Orreaga, Iruñea, Gernika, Montejurra, Oñati. Sorginkeria salaketengatik emakumeek pairatutako jazarpena, mito bilakatu diren garaipen militarrak, Erresuma galduaren hiriburua, gudaren astakeriaren sinboloa edota porrot militarrak. Leku horiek eta beste hainbatek osatzen dute gure memoria historikoa, euskaldunon identitatea eraikitzeko oinarriak ematen dizkiguna.

Herri bezala mendeetan zehar eraiki dugun nortasuna agertoki horiek eman digute, baina, kasu nahiko egin al diegu? Komunitate bezala ezagutzen al ditugu? Gure identitatearen mugarri izatea nahi al dugu?

Inguruko herriek beraien mugarriak ezagutu eta lotsarik gabe aldarrikatzen dituzte: Frantziak badu bere La Marseillaise edo Paris; Italiak, Erromatar Inperioa; Espainiak, Birkonkista, Errege Katolikoak eta Inperioa; Ameriketako Estatu Batuek, Far West-a eta nazio-bandera. Garrantzitsua da, beraz, ukatu dizkiguten mugarriak guk ere aldarrikatzea. Baina gure garaipen eta porrot militarrak ezagutu eta aldarrikatzetik haratago, euskal nortasuna osatzen duten memoria lekuak gureganatzeari garrantzitsuagoa deritzot. Hau da, edozein gizarte eraikitzeko kontakizun propio bat izatea ezinbestekoa bada, gure inguruko herriek erabili izan duten errelato militarra alde batera uztea proposatuko nuke nik. Euskaldunek Orreagan izandako paper protagonista, Nafarroako Erresumak eman zigun entitate juridikoa edo Gernikak suposatu zuen sarraskia ahaztu gabe, bila ditzagun euskal identitateari zentzua ematen dioten beste parametro batzuk.

Piere Norak Les lieus de mémoire proiektu historiografikoan azaldu zuen “memoriaren leku” kontzeptua: izakiaren gogoz edota denboraren poderioz komunitate baten oroimenezko ondarearen baitako elementu sinboliko bihurtu den zernahi izate esanguratsu, materiala izan ala ez. Euskaldunak gara historia amankomun bat dugulako, hizkuntza propioa eta entitate kultural bat osatzen dugulako. Baina, batez ere, herri burujabe bat bat izanen gara horretarako gogoa dugulako. Nahian, edo gogoan, dago pisua. Piere Norak azaldu bezala, identitatea bezala, memoria ere eraiki daiteke eta hori ematen da bai herri batek gertakizun bat aukeratu nahi duenean bai gertakizun hori nabarmendu nahi duenean. Beraz, beste mota bateko gizarte bat eraiki nahi badugu, mendeetan gure konkistatzaileek gudaren bidez inposatutako gizarte eredu horretatik aldentzen dena, hau da, paradigma militarretik, inperialistatik, kapitalistatik eta patriarkaletik aldentzen dena, badugu aukera gure burujabetza markatuko duten mugarriak aukeratzeko.

Auzolana, komunalak, Foru Zaharra, euskara bera dira ditugu mugarri baliotsuenak, memoria leku nabarmenenak nire ustetan. Gure legeek euskal emakumeei beraien ondareak kudeatzeko emandako gaitasun maila altua bada ere mugarri bat, horrek azaltzen baitu euskal emakume indartsuaren irudia. Noski, gertakizun historikoak hor daude, historiografia espainiar eta frantziarrarengatik isilduak izan dira hamarkadetan eta historialarion lana da horiek aldarrikatzea. Baina mendeetan euskaldunok antolatzeko eta komunikatzeko izan dugun modua gure legeen bidez eta gure hizkuntzaren bitartez garrantzitsuagoak direla deritzot. Horien gainean eraiki beharko genuke gure memoria eta gure burujabetzaren nortasuna.

https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2018-06-02-07-00/hemeroteca_articles/aldarrika-ditzagun-gure-memoria-lekuak