750 urteurrena: ospatu ala oroitu?

  1. urteurrena ospatzen omen da aurten, baina zer da ospatu nahi dena? Ordiziaren sorrera? Ez, izatekotan Villafranca hiribilduaren sorrera, 1.268ko sorrera foruak berak aipatzen baitu ordurako bazela Ordizia zeritzon lekua eta Ordizian bizi ziren herritarrak. Goi Erdi Aroaren eliza baten inguruan antolaturik osatzen ziren herriak. Eta hala sortu zen Ordizia ere, San Bartolome ermitaren inguruan.

Baina harrigarria den arren, 750. urteurrenaren harira egin diren hitzaldietan ez da ezer aipatu Villafrancaren sorrerak izan zuen testuinguruaz. Jakina da Gaztelako erregeak eman ziola forua hiribilduari, baina zergatik? Zertarako? Gaztelako erregeak Nafarroako erresumaren aurka eratu zuen defentsa lerrorako sortu zuen Villafranca, bere jatorrizko izena aldatuta. Kanpezu, Agurain, Erraztiolatza (gero Segura), Ordizia, Tolosa eta Hondarribia defentsa horren parte ziren. Burgosetik Kantauri itsasoko portuetarako eta Frantziarako merkataritza bidea defendatzeko funtzio estrategikoa zuten herri horiek Gaztelarentzat, Nafarroari konkistatutako lurretan.

Ehun urte lehenago, ordea, Ebrotik hegoaldera zegoen Nafarroaren eta Gaztelaren arteko muga, eta Nafarroa Arabaren hegoaldean ari zen muga zaintzeko forudun hiriak eta gazteluak eraikitzen.

XII. mendearen azken laurdenean saio ugari egin zituen Gaztelak lur nafarrak konkistatzeko, eta 1199 eta 1200 urteetan lortu zuen. Gaztelak Gasteizko setioari ekin zion 1199ko ekainaren 5ean, eta Gipuzkoatik ere jo zuen erasoa. Ordurako, Aragoiko Erresumak Gaztelakoarekin hitzartua zuen Nafarroaren konkista eta lurrak banatzea. Aragoi Zangotzatik sartu zen, eta hainbat herri hartu zituen Nafarroa Garaian. Gaztelak mendean hartu zituen Araba eta Gipuzkoa ia osorik. Gipuzkoan 11 gaztelu egin zituen bere. Horien artean Ataungoa eta Ausa Gaztelukoa.

Ikerketa historikoek guztiz gezurtatzen dute Nafarroak bere lurrak Gaztelaren esku borondatez entregatu zituenik, eta Villafranca hiribildua sortzeko erabakia konkista harekin zuzenean lotuta badago ere, apenas aipatu da orain arte. Zeharka irten dira ordea gure nafartasunaren inguruko datuak, Iruñeko artzapezpikutzak edo Orreagako kolegiatak Enirion lurrak zituztela, edo Beasainen lehen aipamen idatzia Iratxeko monastegiko dokumentuetan aurkitu izana.

Horregatik, zer da Ordizia 750 urte izenburupean ospatu behar duguna? Ordizia hiribildu bihurtu zela ospatu behar dugu, zergatik, nola eta zertarako kontuan hartu gabe?

Ordizia hiribildu bihurtu izanak garrantzia handia izan du bere bilakaeran, baina Ordiziaren historia ez zen Gaztelak emandako foruarekin hasi. Gertaera hori ospatzea eta oroitzea ez dira gauza bera, konkistatua eta kolonizatua izatea ez dira ospatzeko gertaerak. Badugu zer oroitu, izandakoaren eta izan nahi dugunaren gainean eraiki behar dugulako Ordiziaren eta Euskal Herriaren edo Nafar Estatuaren etorkizuna. Gaztelak lapurtu zigun, eta 750 urte geroago ere lapurtzen digun askatasuna berreskuratuta